Durangon euskeraz bizi eta euskera bultzatzen dugunon bilgunea da Berbaro. 1989.urtean herriko hainbat euskaltzalek bat egin genuen, Durangon euskerak bizi zuen egoeraren aurrean arduratuta eta kezka horri konponbidea emateko asmoz. Bide horretan aurrera eraman dugun lan egiteko modua euskaldunontzako baikorra eta erdaldunentzako erakargarria gertatu dadin saiatu gara eta saiatzen gara. Gure hizkuntzak euskeraz bizi ahal dugun guztion eta euskeraz bizi nahi dutenen konpromisoarekin egingo baitu aurrera. Helburu nagusia euskeraz bizitzea izanik, esparru ezberdinetan eragiten dugu horretarako modua eta nahia egin dadin. Hizkuntza eta kultura osotasun baten bi adartzat hartu ditugu beti, hizkuntzaren bidez kultura indartzeko eta kulturaren bidez hizkuntza.
Hemeretzi urte hauetan hainbat kantaldi, antzerki emanaldi, bertso saio, kontzertu, hitzaldi eta ikastaro burutu ditugu. Herriko gune ezberdinak euskaldundu eta euskeraz bizitzeko gune berriak sortzeko orduan ere ez gara atzean gelditu. Horren lekuko dira dendari eta elkarteekin egindako hitzarmenak, udalarekin dugun elkarlana edo gazteenei zuzendutako udaleku, hiri kanpamendu, literatur tailerrak eta abarrak. Baita, gai orokorren inguruko ikastaroak ere, hau da, gazteleraz jasotzera ohituta gauden ikastaroen euskerazko eskaintza. Eraikitzeko jarrera dugu, behar den lekuan presioa egitea albo batera utzi barik, euskararen aldeko jarrera piztu eta aktibatzeko. Gure guraria herri ekimen dinamikoa, ideia zein finantziazio aldetik geure buruaren jabe eta durangarren artean onarpen eta babes zabalekoa izatea da.
Euskeraren normalkuntza prozesuan parte hartu nahi duten euskaldun guztiak izan daitezke Berbarotar edota Berbarok antolatutako ekimenetan partehartzaile. Elkarte irekia, plurala eta indartsua da; eta herritarra, herritarrak eta herri erakundeak kontutan hartuko dituena. Euskeraren kontrako erasoen aurrean tinko erantzuten du. Utzikeriagatik euskera kontutan hartzen ez dutenen aurrean, euskeraren egoeraz jabearazten ahalegintzenda.
Elkartearen oinarria eta indarra bazkideak dira. Azken hauek izango dira, euskerari laguntzeko prest dauden herritarrekin batera elkarte honen baliabiderik eraginkorrena.
Elkartearen balioak:
Herriko elkarte irekia eta plurala da, irabazi asmorik gabekoa.
Euskalgintzaren erreferentea da Durangon.
Herria ezagutzen du eta ezaguna da herrian. Herriko gizarte sarea ondo ezagutzen du, elkarlanean jarduten baitu hainbatekin.
10 urte daramatza Udaleko Euskera Zerbitzuan lan egiten.
18 urte daramatza ume eta gazteentzako ekintza eta zerbitzuak eskaintzen: udalekuak, hiri-kanpamentuak, Haur Literatura Aretoa, motibazio saioak...
18 urte daramatza euskera erabiltzeko guneak sortzen.
Euskerazko herri komunikabideen sustatzailea da: ERAZ eta ANBOTO astekarien eta ANBOTO irratiaren bultzatzailea.
Kultura sustatzailea da: kultur ekintza ugari burutu ditu. Plateruena Kafe Antzokiaren bultzatzaile nagusia da.
Euskera elkarteen Topaguneko kidea eta partehartzaile aktiboa da.
Elkarteari buruzko informazio gehiago www.berbaro.com helbidean.
Zergatik egin bazkide:
Durangon euskera indartzeko zereginean eraginkortasuna erakutsi duen erakundeari lagunduko diozulako. Berbarok antolatzen dituen ekitaldi eta produkzioetan deskontuak izango dituzulako. Ume eta gazteentzako antolatutako udaleku eta irteeren berri jakiten lehenengoa izango zarelako eta berauetan prezio bereziak izango dituzulako. Euskal txoko bateko kide izateko aukera paregabea izango duzulako. Zeu izango zarelako eragile eta onuradun nagusia!