2007KO AZAROAN TOPAGUNEAK ANTOLATUTAKO JARDUNALDIETARAKO BERBARORI BURUZ IDATZITAKO TESTUA.
EGILEA: GORKA BARRUETABEÑA
BERBARO ELKARTEA
SARRERA
1989an sortu zen Berbaro Elkartea. Sasoi hartan Durangok 20.000 biztanle inguru zituen eta horietatik herena baino zertxobait gehiago zen euskalduna. Gazteen artean, gainera, egoera ez zen hobeagoa. Izan ere, adin-tarte batzuetan euskara zekitenen proportzioa batez bestekoaren azpitik zegoen.Hortaz, Durangoko euskaltzale batzuk batu eta zerbait egin beharra zegoela ikusi zuten.
Erreferentzia argiekin zetorren Berbaroren sorrera, AED zen guretzako eredua. Eta euskalgintzako jendearekin harremanetan jarrita, Adorez eta Atseginez mintegia ezagutu genuen. Horrek gure nahiak eta intuizioak pixka bat kokatzeko balio izan zuen.
Lehenengo urte haietan ilusioa eta motibazioa ziren nagusi. Beste elkarte batzuetako erreferentziak jarraituta, zuzendaritza-batzordea, azpitaldeak (kultura, komunikabideak, sentsibilizazioa, haurren arloa...),dinamizatzailea, egoitza, udalarekin harremana eta abar jarri genituen martxan.
Elkartea sortu eta urte gutxitara Berbarok 300 bazkide zituen eta 60 bat lagunazpitaldeetan eta ekintzen antolaketan.
Berbaroko jende gehiena ez zen, eta ez da, euskara-normalkuntzako profesionala. Berbarora hurbildutako gehienek euskararen normalkuntzarekin loturarik ez zuten ogibideak eta ikasketak zituzten. Gutxi batzuk ginen, dedikazioa ematen geniolako, Txepetxen teoria eta antzekoak aztertu genituenak. Gehienek intuizioarekin, motibazioarekin eta euskaraz bizitzeko gogoarekin parte hartzen zuten ekitaldien antolaketan. Hau da,elkarteak militanteen parte hartzearekin funtzionatzen zuen, eta liberatuaren funtzio nagusia militante horiei bidea erraztea zen. Azpitaldeetan ekitaldiak proposatu eta martxan jartzen ziren, eta horrela hilean pare bat ekitaldi antolatzen ziren.
Berbarok sorreratik argi izan zuen talde irekia izan behar zuela, sentsibilitate guztietako euskaltzale orok zuela lekua elkartean. Irizpide horren arabera jarduteak alde batekoen eta bestekoen kritikak ekarri ditu behin baino gehiagotan, baina euskaltzale ezberdinek osatutako azpitaldeen existentziak berak lortzen zuen antolatzen ziren ekitaldiak denetarikoak izatea, euskaltzale haien artean ere denetarik zegoelako.
Eta horrela, jendearen parte hartzearekin hasi zen Berbaro. Ordukoak dira, besteak beste: bertso afariak, Haur Literatur Aretoa,hitzaldiak, umeekin irteerak, formatu txikiko kontzertuak, jaialdiren bat, osasun zerbitzuetan euskara gehiago erabiltzeko kanpaina, Eta hau zergatik ez euskaraz leloa zeukan itsasgarria gaztelera hutsean zeuden karteletan jartzea, kantu liburuak, Udalean euskara zerbitzua osatzeko eskakizuna eta abar.
Berbaro ekitaldi sortzailea izateaz gainera, beste eragile batzuen laguntzaile, parte-hartzaile eta bultzatzaile ere izan da: Egunkariaren sorreran Durangoko erreferentzia izan zen Berbaro akzio bilketan, diru batzen-eta, euskararen jaietara parte hartzera eta laguntzera joateko autobusak antolatzen zituen, Egunkaria itxi zutenean ere Berbaro ibili zen buru-belarri salaketa lanetan eta baita Berria sortzeko lanetan ere, berdin Korriketan parte hartuz, Topagunearen sorrerako taldean ibili zen…
Hainbat eta hainbat ekimen bultzatu ditu Berbarok. Batzuk, gehienak egia esan, arrakastatsuak izan dira, beste batzuk, aldiz, bertan behera geratu dira. Halere, azpimarratu nahiko nuke Berbaroren lorpenak eta porrotak Berbaron egunero-egunero lanean aritu diren hainbat lagunen erantzukizuna izan direla. Lagun horien gogoari, ahaleginari, indarrari, amorruari eta izerdiari esker gara garena gaur egun. Pertsona horien jardunak eta lan eskergak Berbaro itxuratu eta izaera propioa eman diote.
URTEAK AURRERA
Eta Berbarok bi premiari erantzuteko beharra izan zuen: batetik, euskaltzaleok lasai eta patxadaz egoteko bilgunea behar genuen; eta, bestetik, diru-iturri propioak handitu behar genituen.
Hortaz, bi premia horiei erantzuteko modurik egokiena taberna zela iruditu zitzaigun une hartan. Tabernak bazkideak batzeko, kontzertuak egiteko edo erakusketak antolatzeko lekua eskaintzeaz gain, proiektuak martxan jartzeko dirua eman zigun. Ez genuen nahi gure proiektuak beste inork egindako balorazioaren arabera izatea ala ez bideragarri. Gure proiektuak edo asmoak finantzatzeko borondate gutxi zegoen erakundeen aldetik. Ondorioz, edo geuk lortutakoarekin egingo genuen aurrera edo frustrazioak jota dena bertan behera uzteko arriskua zegoen.
Tabernak horrelako proiektu/negozio bat kudeatzeko esperientzia ere eman zigun eta, aldi berean, euskaldunok proiektu euskaltzale bat modu eraginkorrean aurrera eramateko gaitasuna genuela erakutsi.
Berbaroko kideon artean, txip aldaketa gertatu zen. Aurrerantzean, bizitza propioa izango zuten proiektuak sortzea izango zen lehentasuna. Barneratu genuen argumentua argia zen: egun bateko edo astebeteko ekintzek, garrantzitsuak eta beharrezkoak izan arren, hartzaileengan duten eragina ez da proiektu iraunkorrek dutena bezain handia. Jendearen hizkuntza ohiturak aldatzea oso zaila da, baina egunero zabalik dagoen txiringito batean batzen den jendearen arteko harremana askotan euskaraz finkatzen zela konturatu ginen.
Tabernak proiektu handiak abian jartzeko gaitasuna genuela erakutsi zigun eta maila handiko helburuak aurrera ateratzeko nahitaezkoa den konfiantza eskuratu genuen.
Kudeaketan esperientzia eta gaitasuna zuten bazkideak genituela ohartuta, tamaina handiko beste helburu batzuk planteatzeko ilusioa eta indarra geureganatu genituen.
ZERBITZUAK SORTZEN
Tabernak egitura sendoa eratzeko aukera eman zigun. Hortaz, komunikabideak, kultura eta gazteak orduko gure lehentasunezko lan arloak zirenez, horietan jarri genuen indar eta ahalegin guztia. Horretarako,bederatzi profesionaleko taldea genuen osatua, espezialistak zirenak bakoitza bere arloan.
Komunikabideak
1993an, Durangalderako astekari bat sortzeko lehenengo urratsak eman genituen. Proiektuaren bideragarritasuna aztertu genuen lehenengo: ekonomikoa eta irakurle kopuruarena.
Gure datuen arabera, 50.000 biztanle zituen orduan Durangaldeak (Ermua eta Mallabia ez genituen sartu, Eibarreranzko joera zutelako) eta erdiak euskaldunak ziren. Astekariak eskualde mailakoa izan behar zuela erakutsi zigun azterketak. Hortaz, aliatu bila hasi ginen inguruko udalerrietan.
Udalerri bakoitzean astekarirako lanean arituko zen taldea egotea nahi genuen. Garrantzitsua zen udalerri bakoitzean irakurleek proiektua bere sentitzea eta egitea, hau da,astekaria eskualdekoa bertakoa izatea, eta ez kanpotik, kasu honetan Durangotik, eskualdeko gainerako txokoetara eginda bidaltzen den produktua.
Informazioa euskaraz jasotzea ez zen batere erraza sasoi hartan, inguruko kazetari gehienak gaztelaniaz lan egiten ohituta baitzeuden. Publizitatea euskaraz egitea ere ez zen batere normala. Baina euskaltzaleek kudeatutako denda, taberna eta bestelako negozioek euskarazko publizitatearen ateak zabaltzen lagundun ziguten. Benetan izan zen eskertzekoa inork ezagutzen ez zuen “vascoentzako” aldizkaritxo batean publizitatea jartzea.
Proiektuaren bideragarritasuna ziurtatzeko, taldeetan egiten zen lan. Loteria eta egutegiak saltzen, txosnak jartzen… Eta azkenik kuota ere ezarri genuen. Ia 3.000 lagunek ordaintzen zuten urteroko kuota euskarazko aldizkaria etxean jasotzeko. Horrela 1993. urteanjaio zen Eraz aldizkaria. Hasiera hartan 40 bat lagun ibiliko zen laguntzaile, batean edo bestean lanean.
Baina Eraz ez zen nahikoa. Aldizkaria 3.000 etxetara heltzen zen, hortaz 9.000 irakurle inguru zituen, baina Durangaldean 30.000 bat lagun ziren euskaraz irakurtzeko gai zirenak. Beraz, zer egin haiengana guztiengana heltzeko? Zer egin gure aurrekontua idazteko, gehienetan boligrafo gorria erabiltzen bagenuen?
Debagoienean guk behar genuen esperimentua egina zuten dagoeneko. Gastuak gutxitzeko, eskualdeko aldizkariak batu eta, besteak beste, inprentatik errotatibarako aldaketa egin zuten. Ideia horrekin, Durangaldeko gainerako euskara elkarteekin batera, astekari berria argitaratzen hasi ginen 2000. urtean: Anboto aldizkaria.
Bi erronka jarri genizkion gure buruari: gastuak txikitzea eta, aldi berean, irakurle kopurua eta publizitate bidezko sarrerak bikoiztea. Gainera, proiektua indartu ondoren, beste komunikabide batzuk martxan nola jarri pentsatzen hasteko asmoa genuen.
Kontuak egin genituen, eta kuota ordaindu barik etxe gehiagotara heltzea posible zela iruditu zitzaigun. Gaur egun, Anboto astekaria 8.000 etxetara heltzen da, 24.000 irakurle ditu eta aurrekontuak beltzez idazten ditu.
Gainera, Anbotoren hegalpean beste proiektu batzuk sortu dira edo sortzeko bidean daude:2002. urteanAnboto Irratia eta Anboto.org orainkaria sortu genituen,hemendik gutxira, gainera, Anboto Kulturala internet bidezko telebista sareratuko dugu.
Eta azkenik, urtebete barru martxan jarri nahi dugun Durangaldeko telebistaren lehenengo urratsak ematen ari gara Hamaika Ikus-entzunezkoak SL; Gerediaga Elkartea eta beste erakunde batzuekin batera.
Ostalaritza eta kultura
Esanda dago taberna finantziazio iturri modura sortu genuela. Ezin genuela gure proiektuak martxan jartzeko inoren zain egon. Eta gure bazkideentzako bilgunea ere behar genuela. Hortaz, bi pisuko taberna alokatu genuen. Eta horrelako proiektu bat gidatzeko pertsona aproposak aurkitu ondoren, Berbaro taberna martxan jarri genuen 1994an. Urte bete beranduago tabernaren goiko pisuan gure bazkideentzako txokoa zabaldu genuen. Bertan bazkari-afariak egin eta batzuetan ekitaldiak ere antolatzen genituen.
Berbaro modako taberna bihurtu zen Durangon, eta tabernaren kudeaketari neurria hartu genionean, kultur ekitaldiak antolatzeari ekin genion. Lan talde bizia sortu zen, eta, bere txikitasunean, Berbaro tabernan gerorafamatuak egin zirenMikel Urdangarin, Rafa Rueda, Txuma Murugarren eta beste hainbatek aktuatu zuten.
Intuizioak tabernara eraman gintuen, eta tabernako esperientziak antzokira. Bilboko antzokia ezagutu genuen. Bilbokoak laguntzeko prest agertu ziren, gainera, eta gure artean ilusioa piztu zuen proiektuak.
Berriro ere lan taldea sortu eta, han eta hemen, ateak jotzen hasi ginen. Proiektu bi ere egin genituen, antzokia kokaleku ezberdinetan egiteko proposatuz. Azkenean, udalaren baimena lortu genuen eta gaur egun antzokia dagoen lekuan ametsa egia bihurtzen hasi ginen.
Finantziazioa lortzeko 800 lagunen diru ekarpena lortu genuen, enpresa eta erakunde publiko batzuk laguntza eman zuten, Euskal Herriko kultur agenteek guri laguntzeko deia egin zuten, hainbat profesionalek erdi-prezioan lan egin zuen eta bazkide eta lagunek lanean egindako orduak kontaezinak dira. Horren guztiaren emaitza 2004an zabaldu genuen Plateruena antzokia da.
Gaur egun, Plateruena antzokiak 30 langile ditu, munduko musikariek Estatuan zehar egiten dituzten biretan kontuan hartzen dute, urtean 30.000 pertsonak ordaintzen dute sarrera, 16.800 menu ematen ditu urtean, umeentzako ludoteka dauka zabalik egunero eta gure eskualdeko zein Euskal Herri osoko erakundeentzako gunea da jaialdiak, aurkezpenak edo ekitaldiak antolatzerako orduan.
Eskualdeko kulturaren sustapenean agente garrantzitsua da inongo zalantza barik.
Gazteak
90eko hamarkadan, Durangon zeuden aisialdi taldeek eskolekin, alderdi politikoekin edo erlijioarekin lotura zuzena zuten, eta gehienek erabiltzen zuten hizkuntza gaztelera zen. Haietako batzuekin harremanetan jarri eta elkarrekin proiektuak sortzeko proposamena egin genien, baldintza bakarra jarrita: umeekin eta gazteekin harremana euskaraz izatea.
Hiri kanpamenduak eta jaialditxo bat antolatu genituen elkarrekin, baina balorazioa eskasa izan zen. Ez genuen ikusi aukerarik bide horretan sakontzeko, nahiz eta, berez, bide praktikoena izan.
Esperientzia horren ostean, geure bideari ekitea erabaki genuen, eta gazteen arloarekin hasi ginen. Zergatik? Aisialdi eskaintza zabaltzeaz gain, euskaldunak eta euskaltzaleak sortzea genuelako helburu. Gainera, gure ekintzetan parte hartuko zuten ume eta gazte haiek handik urte batzuetara Berbaroko laguntzaile edo gazte arloko monitore izatea espero genuelako.
Eta hala izan zen: taldeko nagusienak berehala hasi ziren umeentzako antolatu genituen udaleku eta abarretan lan egiten. Handik sortu zen Olgetan taldea, umeentzako aisialdi ekintzak antolatzeko helburua zuena.
Gazte haiekiko elkarlana sakondu eta aisialdi zerbitzuak antolatzen hasi ginen: udaleku irekiak Udalarentzat, urtebetetze festak nahi zuen edozeinentzat, rokodromo mugikorraren zerbitzua herriko abentura taldearekin batera, neurrira egindako jaialdiak, Haur Literatur Aretoa beste herri batzuetara zabalduz eta abar.
Ildo horretatik, eta tabernan jasotako esperientzia baliatuz, Durangoko ikastolarekin batera,Martzaan aterpetxea zabaltzen ausartu ginen.
Aterpetxeak hiru helburu nagusi zituen:
-autofinantzatutako proiektua izatea
-gure umeen eta gazteen irteera laburretarako hurbileko gune finkoa izatea
-eta azkenik, gure bazkideentzat eta ikastolako guraso eta umeentzat asteburuetako bilgune izatea.
Hasiera indartsua izan zuen proiektuak, baina etxearen ugazabarekin zenbait desadostasun sortu eta bertan behera utzi behar izan genuen egitasmoa. Eskerrak Ikastolak eta Berbaroko laguntzaileek egindako lanari esker, ez zela galera handirik egon.
Gaur egun, Berbaroko inbertsio handiena umeen eta gazteen esparrua da. Izan ere, Berbaroko sei langiletik bik arlo horretan dihardute. Gainera, datu kurioso modura esango dizuet aipatutako sei langile horietatik hiru Berbaroko gaztetaldean edo Berbarok umeentzat eta gazteentzat antolatutako irteeretan ibilitakoak direla. Beraz, bere sasoian egindako inbertsioa “errentagarria” izan zela esan daiteke.
Izan ere, Berbarok berak antolatutako ekintza inportanteenak haur eta gazteekin lotuta daude: Haur Literatur Aretoa Durangoko eskola ume guztiek parte hartzen duten ekitaldia da; Gazte Taldea gazteek gazteentzako ekitaldiak antolatzen dituen taldea da, Hiri kanpamenduak antolatzen dira, udaleku propioak, jaialdiak…
Itzulpena+diseinua=komunikazioa
1991n Berbarok BIT itzulpen zerbitzua sortu zuen. Eskaera biri erantzuteko sortu zen. Batetik, euskara gehiago erabiltzeko borondatea zuten dendari eta elkarteetako kideak euskaraz idazteko gaitasunik izan ez eta doako itzulpenak egiten zitzaizkien. Bestetik, itzulpen horiek egiteko prest zegoen jendeari lanbidea eskaintzea garrantzitsua iruditzen zitzaigun.
Gorabehera handiekin bada ere, Berbaroko itzulpen zerbitzuak urteak egin zituen. Azkenik, Udalak Euskara Zerbitzua sortu zuen eta berak hartu zuen itzulpenen ardura.
Baina, funtzioak eta jendea aldatu arren, esperientzia ez da alferrik galtzen. Izan ere, itzulpengintzan egindako lana dela eta, Berbarok harreman handia egin zuen sortu berria zen Sormen diseinu enpresarekin.
Argi genuen euskaraz funtzionatzen duten enpresak hizkuntza ohiturak sortzeko gai direla. Halaber, bagenekien itzulpengintza eta diseinua batuko zituen enpresa bat elkartearen inguruan izateak Berbaroren egitura sendotzen lagunduko zuela. Hortaz,2000. urtean beste proiektu bati heldu genion: di-da Kooperatiba Elkartea.
Gaur egun, di-da Koop. Elkartea komunikazioa bere zabalean lantzen duen enpresa da. Bederatzi lagunek lan egiten dute bertan, kanpaina garrantzitsuen egilea da (azken hiru Korrikak eta Ibilaldiak, hainbat proiektu Topagunearentzat, 2007ko Bizkaiko Bertsolarien Txapelketa..)
Euskaraz funtzionatzen du, euskaraz lan egiten du eta langileak euskalduntzen laguntzen du.
Sentsibilizazioa+Euskara Zerbitzua
Goian aipatutako moduan, beste elkarte batzuen eredua oinarri hartuta, azpitaldeak sortu genituen. Haietako bat sentsibilizazio taldea izan zen.
Sentsibilizazio taldeak hainbat kanpaina antolatu zituen: Osakidetzari mediku euskaldunak eskatzeko, gaztelera hutsezko kartelak salatzekoak, Udalak euskararen normalkuntzan ahalegin handiagoa egin zezan eskatzeko, herriko irratiak euskara gehiago erabil zezan eskatzeko, herriko elkarteekin euskararen erabilera sustatzeko hitzarmenak sinatzeko…
Egia esan, satisfazio gutxien ematen zuelako edo, azpitalde hori izan zen ibilbide gorabeheratsuena izan zuena, eta denborarekin desagertu egin zen. Azpitalde horrek egiten zituen proiektu edo eskaeretako batzuk Udaleko Euskara Zerbitzuak hartu zituen bere gain: elkarteekin hitzarmena, gaztelera hutsean funtzionatzen zuten erakundeei eskaria modu ofizialean egitea, gaztelera hutsean iragartzen ziren ekitaldiak finantzatzen ez laguntzea eta abar..
Egia da, Udaleko Euskara Zerbitzua indartzeko, kontratazioak egin beharrean (euskara teknikaria eta hitzarmeneko teknikaria), zerbitzua azpikontratatzea erabaki zuela Udalak, eta lehiaketara Berbaro aurkeztu eta irabazi zuela. Beraz, Euskara Zerbitzua eta Euskara Kontseilua indartzeko langintzan berbarotarrak ibili ziren boluntario.
Antzokia zabaldu eta gogoeta
2004. urtean, elkarteak etorkizunean jarraitu behar zion norabidea definitzeko, gogoeta prozesua egin zen bazkideekin batera.Argi dago, Antzokiaren moduko proiektu bati bizia emateko, energia eta diru asko inbertitu behar dela. Elkartea ia-ia “odolustu” egin genuen proiektu horrekin, eta indarra berreskuratzeko jarrialdia egitea derrigorra iruditu zitzaigun. Gainera, kultura azpitaldearekin hasi, taberna zabaldu eta Antzokirako ibilbidea egin eta gero; komunikazio azpitaldearekin hasi eta Eraz astekaria lehenengo eta Anboto multimedia proiektua sortu eta gero; gazteen arloan ere sekulako esperientzia eta ekitaldi eskaintza egin eta gero, elkartea zeregin barik geratuko zitzaigula ematen zuen.
Beraz, hasieratik Berbaron ibilitako bazkideak eta generazio berrietako militanteak batu ginen, ordura arte egindakoa baloratu eta aurrerantzean zer egin behar genuen erabakitzeko.
Gogoeta horretatik, hainbat ideia interesgarri irten ziren, eta Berbarok horiei erantzuteko neurriak jarri ditu abian. Gogoeta prozesu hura izan da azkeneko urteetako gure lan ildoa finkatu duena.
Besteak beste, ondorengo gaiak hartu edo indartu behar zirela erabaki genuen:
- Euskararen erabilera sustatzeari eta handitzeari dagokionez, euskaldun berriak helburu nagusi izan behar zirela pentsatu zen. Berbalagun egitasmoa 2004an jarri zen martxan Durangon, eta ordutik hona, Durangoko Udalarekin eta euskaltegiekin batera, egitasmo horren bultzatzailea izan da Berbaro. Urte batzuk pasatu dira eta egungo helburua parte hartzaile maila mantendu eta berrikuntzak sartzea da.
- Haur eta gazte arloari dagokionez, berebiziko garrantzia eman zitzaien udalekuei, gazte taldeari eta Haur Literatur Aretoa indartu eta herri gehiagotara zabaltzeari. Egun, haur eta gazte arloarekiko apustu argia egin da eta langile bi daude lanean arlo horretan. Literaturarekiko zaletasuna bultzatzea helburu duen Haur Literatur Aretoa Lekeitio eta Zornotzara zabaltzea lortu da (Durango, Berriz, Elorrio, Zaldibar eta Liburu eta Disko Azokakoa mantenduz). Udaleku propioak, urte pare batez etenda egon ondoren, berreskuratu egin dira, eta arrakasta itzelez gainera. Bukatzeko, gazte taldeari forma eman zaio eta azkeneko hiru urte hauetan elkartearen inguruan dabiltzan gazte taldea dugu.
- Gogoetan jorratutako beste ildo nagusi bat komunikazioarena izan zen. Elkarteak egiten duena eta transmititu nahi duena herritarrei hobeto helarazi behar zaiela uste dugu.
- Bestalde, gogoeta prozesuan gehiegi sakondu ez bazen ere, azkeneko urteotan Zuzendaritza Batzordean eta bazkideek egindako iradokizunetan maiz agertu den gaia etorkinak euskalduntzeko beharra izan da. Ekintza txikiren bat egin bada ere, handi geratzen zaigun gaia da. Hortaz, Udalak eta herriko gainontzeko elkarteek egiten dituzten ekimenetan parte hartzen dugu, baina dimentsio handiko gaia denez, momentuz behintzat, Berbaro gidari duen proiekturik ez dugu abian jarri.
Gauzak antolatzen, egitasmoak eraiki eta abian jartzen trebetasuna erakutsi dugun arren, badira kezka batzuk azken aspaldian behin eta berriro agertu direnak:
-Horrenbeste indar azpiegiturak sortzen? Ez da hobe ekitaldiak antolatzen denbora gehiago ematea, eta gutxiago infraestrukturak sortzen?
-Azpitaldeek eskaintzen zutena orain zerbitzu enpresek ematen dute. Baina sentsibilizazio taldeak egiten zuen salaketa, presio eta eragin lana ez du inork egiten. Ez da behar? Edo ez dakigu zelan egin?
-Txiringitoak sortu ditugu, eta beste batzuekin elkarlanean proiektu bakoitza autonomoa izatea lortu dugu. Ez al gara larregi zatikatu? Ez genuke batu beharko eta erakunde bakar gisa modu indartsuagoan ageri herrian?
-Sortu ditugun guneak (txokoa, antzokia..) euskaraz funtzionatzen dute,baina erdara asko entzuten da. Gure txokoetan eroso sentitzen diren erdaldun aktiboak gureganatzen ez dugu asmatu.
-……………….
Kezka horiek guztiak ditugu, baina argi daukagu balantzea positiboa dela. Durangon euskaraz bizi nahi duenari tresnak eskaini dizkiogu, non batu eman diogu, eta bere kabuz dabilen hainbat proiektu abian jartzeko gai izan gara. Horregatik, inflexio puntu batean gaudela pentsatzen dugun arren, hausnarketa sakonak eta aldaketa iraultzaileak egin beharra ikusten dugun arren, honaino iritsi gara. Eta hemendik aurrerakoa egiteko badugu abiapuntu bat. Harro egoteko moduko abiapuntua.