Zorionak Berbaro aurten betetako 20 urte hauengatik! Zorionak Berbaro eingo dozuzen beste hainbestegatik!
20 urte...20 urte arin esaten die, pasau ostera, ez die hain arin pasetan...zer esangot nik ba! Berbaron bizitzie nirie baia luziaue da ta!
Halan da be, nik Berbaro bi ikuspuntu desberdiñetatik ezagutzeko aukerie euki dot. Pare bat urte daruedaz berbarok umiei zuzendute eitten dauzen ekintzetan parte hartzen begirale moduen: udalekuetan, gabonetako parkean, inauterietako “diskoteka” eta ohe puzgarrietan, korrika txikixen...Baia honen aurretik, oin 8-9 urte izengo die, ekintza hauetan parte hartzen naban bertara ondo pasetara doien ume moduen. Egixe da oso desberdiñek diela, baiña bixek ala bixek oso esperientzia polittek.
Euskeraz gozatzeko guniek sortzen dauz berbaro elkartiek. Adibide moduen, nik aurten 11 urtetik 14 urterako eta eskola desberdiñetako umiegaz ikusi ahal izen duana da, lehenengo egunetan erdera hutsien aritu dien umiek, azkenengo egunetan euskera normalizatuau erabili izen dabiela. Adin hauek tratetako nahiko gatzak izen arren, honek demostretan dau, ohiturak ez diela aldatzeko eziñezkuek.
Berbarokuek ez dien beste udaleku batzutara be jun naz gaztetan, baia oroimen polittenak Berbarok antolatu dabezanetan dekuaz.
Nik ezagutzeko aukerie izen doten guzti honegatik, eta ezagutu ez duan guztixegatik;
Zorionak Berbaro aurten betetako 20 urte hauengatik!Zorionak Berbaro eingo dozuzen beste hainbestegatik!
DATORREN ASTETIK AURRERA GEHIAGO
berbaro-k idatzia
Datorren astetik aurrera iritzi artikulu gehiago irakurtzeko aukera izango duzu hemen. Bestalde, zure iritzia eman nahi baduzu, elkartera bidali eta argitaratuko dugu!
Herritik sortu herriari emoteko
berbaro-k idatzia
GAIZKA URIARTE LIZUNDIA
“Herritik sortu, herriari emoteko…” horrela zihoen kantak eta horrelakoa da Berbaro ere, herritik sortua duela 20 urte eta honezkero hamaika dira herriari emandakoak.
Horien artean aurkitzen da hiltegi zaharrean eraikitako Plateruena kafe antzokia. Herritik sortu zen hau ere duela 6 bat urte eta herriari euskal kultura eta aisirako gune bat emoteko asmoz.
Gazteak ginen proiektu honen lehen zertzeladak entzun genituenean, ez ordea zoroak bete-betean sinistu genuelako.
“Apa gabon” “Apa gabon?!, hori ez da ongietorria modu profesionalean emateko modua, txo!Gainera, sandalia eta galtzerdiekin ez duzue matxaka itxurarik!”. Horrelakoak bota izan dizkigute antzokiko sarreran. Eta egia da, ez gara ez profesionalak ezta matxakak ere. Atezain lana egiten dugu noizean behin gurea sentitzen dugun Plateruenaren alde. Boluntarioak gara eta boluntarioak dira baita ere Azoka inguruan patata tortilla goxoak egiteko patata frijitzen dituzten sukaldari ez-profesionalak, kamisetak saltzaile ez-profesionalak, wi-fi instalatzaile ez-profesionalak, Ines, Txoko, Joselu, Miren, Andoni, Eukeni, Eunate, Borxa, Joseba, Iker,…Txaloak oraingoan zuentzat.
BERBARO, bizitza bat
berbaro-k idatzia
GORKA BARRUETABEÑA ITURRIAGA
BERBARO, bizitza bat
20 urte bete dauz Berbarok. Horretatik 15 bertan lanien ein duaz. Gogoratzen dot proposamena jaso nabenien, ni “jarraitxu” bat nitzela eta Berbaro elkarte barri haretako jentie Euskadiko Ezkerrekue zala esaten zala gure inguruen. Alderdi horrek atzerakadie emotuzten eta zalantza batzuk euki nabezan. Ez zan oso normala nietzako ideologia ezberdineko jentiaz euskararen aldeko ekimen baten batzie.
Hasierako sasoi haretan edozertarako gai ginela uste gendun, edozein proiektu martxan jartzeko gai sentitzen ginen. Ein be ein genduzen batzuk; tabernie, txokue, Eraz, BIT (Berbaroko Itzulpen Taldea) Anboto, Euskara zerbitzua, di-da, Martzaa, Topagunie, Antzokixe. Eta usteot “edozer eitteko gai sentitze horrek” berorrek euskararen aldekotasunek pizteko balixue eukela.
Gaur, urte batzuk pasau eta gero, argi deuket administraziñuen benetako babesa eukin izen bagendun, ikeragarrizko proiektuek eingo genduzela. Ikusten duaz oin Durangoko udalekoak ludoteka bat zabaltzen. Ludotekien proposamena guk oin dala 15 bat urte eingo gendun. Pentsau, 15 urtien zenbat umek eukingo abien harremana euskariaz…
BERBARO, gertakziun batzuk
20 urte bete dauz Berbarok. Pare bat anekdota;
Kultur ekitaldien barri emoteko prentsaurrekoak emoten genduzen eta sarriten gero kazetariekin egoten ginen esandakue “itzultzeko”. Gutxi egoazen ohituta euskaraz idazten. Behin bertsolari bigaz bertso afaria antolatu gendun. Bat Mañukorta zan eta Deian halan agertu zan; actuarán los bertsolaris Mañu y Korta.
Azaruen, Durangoko azoka baetorrela eta, Joseba Sarrionandiak liburue argitaratu eban eta Euskadi Irratitik deia; zu, Joseba Sarrionandia zuen parajekue da eta eztozue bere telefonue eukingo elkarrizketa bat eitteko? Ez geuntzan emon..
Durangoko jaietan txosnie jarri gendun haretako baten, lapurrek sartu zien. Jimi Navajas edo antzekon bat izen zala esaten zan. Kanbiotarako dirua hartu eban, laurogei bat mile pezeta eta kamiseta batzuk. Guk denuntzia jarri gendun. Etorri zien “paisanozko munizipalak” eta hasi zien ikertzen eta halako baten, batek urre koloreko eskumuturratopau eban. Hartu eban ikutu barik, boligrafuaz, CSIkuen antzera, eta plastikozko poltsatxo baten sartu. Esan geuntzen zientoka pertsonena izen ahal zala, baina alperrik. Egun berean bankutik deitu ebien, itxura arrarodun bi egoazan kanbio pilo bat bankuen sartu guran. Ez gendun dirurik lortu. Hurrengo asteburuan han ebilen Jimi dalakuori gure kamisetakin peteoan gure txosnan.
ZORIONAK BERBARO
berbaro-k idatzia
JOSEP VIGO SABATE
Euskal Herrian bizitzen daramatzadan sei urte hauetan izan dut Berbaro ezagutzeko aukera. Berbaro elkarteak hogei urte hauetan herrian errotzea lortu du. Hainbat ekintza mota egiten baditu ere, nik elkartearekin daukadan esperientziaz bakarrik hitz egin dezaket. Berbaro elkarteak, beste elkarte eta erakunderekin batera, euskara ikasten edo nire euskara maila hobetzen laguntzen dit, nola? Berbalagun ekimenaren bitartez. Jakin badakit Berbaro elkarteak beste ekintza asko egiten duela eta horietatik eraginkorrena gazteentzako antolatzen dituen udako kanpamentuak direla uste dut, izan ere euskararen etorkizuna, beste edozein hizkuntzarena bezala, ume eta gazteengan dago. Egia da gaur egun ume eta gazte gehienek euskara badakitela, baina egia da ere ez dutela erabiltzen. Hori dela eta, garrantzitsua deritzot euskaraz komunikatzeko esparruak sortzeari hizkuntzaren erabilera normalizatzeko. Beste horrenbeste gertatzen zaigu ni bezalako euskaldunberri edo euskalduntzen ari garen pertsonoi. Berbalagun ekimenak euskaltegia ez den beste esparru batean euskaraz hitz egiten eta sozializatzen laguntzen digu hasierako lotsa horiek alde batera utzita. Beraz eskerrik asko! Honez gain, ezin da aipatu gabe utzi elkarte eta erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa dela euskarak aurrera egin dezan, jarraitu horrela!